
Prestazio bereziak eta gizarte laguntza
Prestazio bereziak laguntza ekonomikoak dira, itzuli behar ez direnak, Gizarte Segurantzak lan istripuren bat edo lanbide gaixotasunen bat jasan duten eta, inguruabar pertsonal, ekonomiko edo familiarrak tarteko, premia handiagoa duten langileentzat dituen arauzko prestazioak osatzera bideratutakoak (langilea hiltzen bada, laguntza hauek haren ezkontide, guraso, seme-alaba eta gainerako odolkidetasun edo kidetasun ahaideei emango zaizkie).

Honako laguntza ekonomiko hauek eska daitezke, adibidez:
- Ospitaleratutako lesionatuen laguntzailearen gastuak.
- Etxebizitzaren egokitzapena, baliaezintasun kasuan.
- Ibilgailuaren egokitzapena, baliaezintasun kasuan.
- Prestatzeko eta lanera berregokitzeko ikastaroak.
- Seme-alabak zaintzeko eta haien ikasketetarako laguntza.
- Lesionatuarentzako etxeko laguntza.
- Heriotza kasuan, aberriratze gastuak.
Fraternidad-Muprespak urteko aurrekontu bat du jasotzen diren prestazio berezien eskaerei erantzuteko.
Laguntza-eskaerak Prestazio Berezien Batzordeak ebaluatu eta ebatziko ditu. Batzorde hori enpresaburu elkartuen eta ordezkaritza handieneko sindikatuei loturiko eta babestutako langileen ordezkariak dituen organo paritario bat da.
Prestazio bereziak langileak berak, haren familiartekoek, enpresako langileen ordezkariek edo enpresak berak eskatu ahal izango dituzte ondorengo inprimakiaren bidez.[FED-0054]
Gizarte-lana eta lanera berregokitzea

Fraternidad Muprespak espezializatutako langilez osatutako zerbitzuak eskaintzen ditu, istripua izan duen langileari bere ingurune sozial edo profesionalera txertatzen laguntzeko. Berriz lanean hasteko arazo gehien dituzten langileei zuzenduta dago, beren lesioaren larritasunagatik edota familia, ekonomia edo egoera pertsonala direla eta.
Zerbitzu hauek istripu larriren bat gertatzen denean hasten dira; hala, mediku talde errehabilitatzaile batek zaintzen du istripua izan duen pertsona. Horrez gain, bere inguru sozial edo profesionala ere prestatuko dute, berriz lanera bueltatzen denerako.
Mutualitateko prebentzioko adituek eta gizarte-langileek aholkuak ematen dizkiete enpresei, laneko istripu edo gaixotasun baten ondorioz ezintasunen bat izan duten langileen lanpostuak nola egokitu behar dituzten jakin dezaten. Lanpostua egokitu daitekeen ebaluatuko dute, bai eta berregokitzapen profesionala edo enpresa barruan beste lanpostu batean hasteko aukera ere.
Bestalde, gizarte-langileek zerbitzuen erabilera kudeatzen dute zentro espezializatuetan (publikoak zein pribatuak), adibidez, bizkarrezur-muineko lesioak edo garuneko erasanak dituzten edota gorputz-atalen bat anputatuta duten langileei laguntzeko.
Gizarte-lan zerbitzuak lurralde osoan funtzionatzen du, gure laguntza-zentroen sareari esker.